XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibon Sarasolarekin berbetan

ELKARRIZKETA: KOLDO BIGURI

Terminologian, hizkera teknikoaren definizioa, hau da, hiztegi orokorrarekin duten aldea, esango zenuke?

Nik uste dut diferentziarik handiena zera dela: terminoek izan behar dutela bana-banakoak, hau da, biunibokoak.

Adibidez, lana mundu normalean gauza bat da baina fisikan, zuk hartzen duzu piano bat, ematen diozu gelari buelta, eta egiten duzun lana zero da;

beste gauza bat da, ze, fisikan integral gisa definitzen baita.

Nik uste dut hori dela batez ere.

Gainerako diferentzia guztiak bigarren mailakoak izango lirateke.

Ezin direla izan polisemikoak, e.a...?

Hori.

Horrela izan beharko luke bederen.

Gero, errealitatean ez dago horrelakorik, ezta fisikan ere;

adibidez ingelesez speedy eta velocity bereziten dira, hots, lastertasun eskalarra eta bektoriala, beste hizkuntzetan ez bezala.

Kontaiguzu itzulpenaren inguruan duzun esperientzia, bai itzultzaile moduan, bai irakurle moduan, eta horrek irakatsi dizuna.

Ni itzultzaile banaiz, batez ere zeragatik da: banuen sormen literarioaren aldetik zerbait egiteko gogoa, eta garairen batean are premia.

Hasieran, egia esan, itzulpena literaturaren suzedaneo bezala-edo hartu nuen eta horrela sartu nintzen kontu horretan.

Baina sartu ahala ni naizen bezalakoa izanik batez ere berehala problema teorikoei aurre egin behar izan nien, eta alde horretatik beti izan naiz, eman dezagun, hitzez-hitzeko itzulpenen zaleagoa, libreena baino.

Niretzat Candido izan zen lehendabiziko saioetan gustukoena.

Gogoratzen naiz saiatzen nintzela frantses hitza arraroa baldin bazen, euskal hitz arraroa ematen, eta ildo horretatik.

Frantsesez beti hitz bera jartzen zuenean, euskaraz beti hitz bera jartzen... segun.

Frantsesez bi hitz paretsu baldin badaude eta euskaraz bakarra, hori ezin duzu egin, baina bestela bai, eta hortik jo nuen.

Gero, Teseu itzuli nuen, Giderena, eta agian pasatu egin nintzen garbizale aldetik.